Koldobika Jauregi
Alkiza 1959
“ARTEAK EZ DU EZERTARAKO BALIO; HORREK EGITEN DU BALIOZKO”, Koldobika Jauregiren esaldi kutunetako bat da. Dirudienez, beraz, eskultura hausnartu eta gogoetatu egiten du. Baina gizona hobeto ezagutzeko, tailerrean ikusi behar da: tailer landatarra eta bukolikoa du, hiritik eta bere morrontzetatik kanpo. Ur Mara leku magikoa da, haritzez eta iratzez inguratua; entzuten den hots bakarra Arraiaga errekaren xuxurla da.
Dudarik gabe, zizelkari autodidaktaren inspirazioa hortik dator, natura horretatik, lur horretatik, baita gauetik ere. Izan ere, gauaz esna egoten da, urduri, bazterrak ezkutatzen dituen eta pertzepzioa aldatzen duen ilunpe sakonari begira; iluntasunak eta gauak lasaitzen baitute, eta isiltasunera deitzen. Honela laburbil daiteke, hain zuzen, Jauregiren obra: iluntasuna, isiltasuna eta meditazioa. Zenbait urtez figurazio espresiboan jardun ondoren eta ezagupena azkar lortu arren, Jauregik lengoaia aldatu zuen, abstrakziorantz, soiltasunerantz; egungo hizkera zeinuz eta sinboloz egina du; harrian, zurean edo altzairuan markatzen ditu, sentimenduak eta zalantzak ahalik eta zehatzen adierazteko. Hizkera horrek marrazkian ere badu sorbururik; izan ere, marrazkia funtsezkoa du, inspirazioak zuzenean gauzatzen baititu, obra zizelkatuari aurrea hartzen diola.
Bere esanen kontra, beraz, Koldobika Jauregiren Arteak zerbaitetarako balio du, dudarik gabe: lasaitasunera, espiritualtasunera eramaten gaitu. Marmol zizelkatu eta grabatuetan edo zehatz-mehatz ebaki eta kaligrafiatutako altzairu-xafletan, mezuaren zentzua argi agertzen da. Jauregik euskal eskulturan duen garrantzia bezain argi.